Scroll Top
balonmano

TALDEAN, KANTXAN ETA ESKOLAN
IÑIGO SANTA COLOMAREN ESPERIENTZIAa

Iñigo Santa Colomak joan den maiatzean amaiera eman zion bere ibilbideari Ikastetxean, bertan “bizitza osoa darama”, bere beste bi anaien antzera. Zoritxarrez 2. Batxilergoko ikasleekiko, konfinamendu egoera zela eta, ez zen graduazio ekitaldirik antolatzeko aukerarik egon baina esperientzia honetan ikasleek haien autonomia, euren ahaleginerako gaitasuna eta aldaketarako egokitzapena erakutsi zuten. Iñigok urte hau bereziki gogoan izango du eskubaloiko Mediterranear Txapelketan parte hartu ez ezik, Espainiako selekzioarekin ere urrea lortu izan zuelako. Ikasketak eta eskubaloia, Ikastetxea eta taldekideak. 2020a ikasteko esperientzia aberasgarria izan da Iñigorentzat.

Batxilergo teknologikoa aurrera eraman zuen eta gaur egun, Unibertsitateko Matematikako ikasketak burutzen ari da, ikasgeletan antolatu ohi ditugun orientabide profesionalari buruzko hitzaldietan bide hori oso gustuko izan zuelako. Hau guztia, bere kirolarik gustukoena egiten utzi gabe.

“Nahiko eramangarria suertatu zait ikasketak eta eskubaloia batera garatzea. Arratsaldez entrenatzen dut, zortzi eta erdiak aldera, hortaz, ez daukat ikasteko denbora ateratzeko zailtasunik. Ondo antolatzen bazara, arazorik gabe, denetarik egiteko tartea atera dezakezu”, ziurtatzen du ikasleak.

Eskubaloiarekin duen harremana luzetik dator eta Askartzan hasi zen istorioa da. “Txikia nintzenean hasi nintzen, zehazki bederatzi urte nituenean. Nire lagunak bertan zeudelako izena eman nuen eta futbolaz haratago bestelako kiroletan saiatu nahi nintzelako. Nire anaiengandik jadanik futbolaren jarduera ikusita nuen eta bestelako kirolen bat egin nahi nuen. Beraz, Lehen Hezkuntzako 3. mailan nengoenean Eskubaloian hasi nintzen eta 4. mailan, jada eskola kirolean lehiatzen hasi nintzen. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan entrenatzen genuen, eskola saioetatik atera bezain pronto. Oso ondo zegoen”.

Hortik aurrera, Iñigok aurrera egin du. Askartzan jokatu ondoren, lehenengo nazionalean jokatu zuen Urdulizen eta gaur egun Trapagaraneko taldean dabil. Eskubaloian modu profesionalean aritzearen inguruan, hurrengo hausnarketa burutzen du: “Talderen batek deitzekotan edo nire buruak gehiago emateko beharra eskatzen baldin badit, maila altuago batean jokatzea gustuko izango nuke. Ikusiko dugu”.

Modu batean edo bestean, jokatzen eta eskubaloiaz gozatzen jarraitu nahi duela argi dauka. “Gehien gustatzen zaidana lantaldean aritzea da, momentu oro kideekin partekatzea: aulkian egoterakoan, kantxan… Eskubaloia kideekin batera lan egitea eta talde baten parte sentitzea da”.

Talde-lana Ikastetxean ere praktikan jarri duela goraipatzen du: “Txikiak ginenetik, kirol jardueretan… talde-lana Askartzako eremu guztietan nabaritzen den ezaugarria da. Esaterako, kirol diziplina guztietan kiroltasuna, ondo sentitzea, errespetua eta apaltasuna dira nagusi, txapelketa eta besteei garaitzeko nahia baino lehen. Azken honi ez zaio hainbesteko garrantziarik ematen. Hala ere, nagusiago egiten zaren heinean lehia puntu handiagoa bilatzen zoaz. Baina txikitan, garrantzitsuena jokatzen ikastea da, gozatzea eta ondo egotea”, ziurtatzen du.

“Kirola oso presente dago Askartzan. Familiek euren seme-alabak Ikastetxera ekartzearen arrazoietako bat da eta nabaritzen da. Ikastetxeak kirol diziplina batek eskaintzen duen bizitza-estiloan hezten du. Gainera, eskaintzen dituen instalazioak oso onak dira”.

Atzera begira, Askartzako guneak ez dira faltan botako duen gauza bakarra. “Ikastetxeari eskerrak ematen dizkiot kirolari, eskolaz kanpoko jarduerei, udalekuei dagokienez eskainitako aukera… eta batez ere, emandako lagun eta ikaskideengatik. Aldi berean, Ikastetxetik irtetzeko gogoak nituen, gauza berriak ikusi eta Askartzatik haratago bizitza izateko grina”, aitortzen du.

Bere eskola-bizitzan, Ikastetxean eskaintzen ditugun eskolaz kanpoko aukerak erabili izan ditu, bere esanetan, ekintza ezberdinetan eta elkarbizitzetan parte hartzea Ikastetxeko “saltxan” egotea baita: “Nire aburuz, oso garrantzitsua da. Gehien balioesten ditudan gauzak dira. Besteak beste, Bigarren Hezkuntzan, Pirinioetan dagoen Nafarroako Belabartzeko haranara joan ginen. Mendi-ibilaldiak gauzatu eta naturaz gozatu genuen. Bertan ikastaldearekin zaude eta horretaz gain, hausnarketa aurrera eramaten duzu. Bizitzan kokatzeko oso erabilgarria da. Bestetik, azken urteetan hamaika ate zabal-zabalik izan ditugu, hau da, Ikastetxera hurbildu dira aukera ezberdinak azaltzeko”.

Lanerako irteerak interesatzen bazaizkio ere, bere aurtengo aukera handia Mediterranear Txapelketan parte hartzea izan da. “Ustekabeko oparia izan zen, ez nuen espero. Euskadiko selekzioarekin egonda nengoen baina Espainiakoarekin ez eta ilusio handia egiten zitzaidan. Gainera, Atenasen, Grezian, ospatu zen 2020ko otsailaren 17tik 22ra bitartean. Erabat gozatu nuen esperientzia izan zen eta bertan asko ikasi nuen. Lagun berriak egin nituen eta gainera, urrea eraman genuen!”.

Txapelketa hau Eskubaloiko Mediterranear Konfederazioak antolatua da, Mediterranear itsasoan diren federazio ezberdinak taldekatzen dituen erakundea. “Taldekako fasea zen eta ni Maroko, Montenegro, Kroazia eta Mazedoniaren kontra jokatu nuen… ondoren, kanporaketa fasera heltzean, laurdenak, finalaurrekoak eta finala jokatu genuen. Finala Montenegroren kontra irabazi genuen”.

Honetara Euskadiko selekzioaren bitartez heldu zen eta Espainiako autonomia guztietako kirolariekin batera parte hartu zuen.

“Espainiako txapelketa selekzio autonomikoekin batera antolatzen da eta bertara entrenatzaileak joan eta ikuskatzen dute. Nola jokatzen nuen gustoko izan zutelakoan nago. Nigan konfiantza izan eta eraman ninduten. Andaluziako, Gaztela eta Leoneko, Kataluniako eta Galiziako pertsonekin, eta Euskal Herriko beste batekin ere jokatu nuen… Gainerako guztiak espainiar selekzioaren kontzentrazio ezberdinetan aurretik egondakoak ziren, baina niretzat lehendabiziko aldia zen. Ni urduriago nengoen, gainera txapelketa bat zelako, hortaz, zertxobait gehiago kostatu zitzaidan. Jokatzeko sistemak baita taldeak duen dinamika-mota ere ikasi eta barneratu behar izan nituen. Baina azkenean egokitu nintzen eta dena ondo atera zen”.

Oso ondo joan zitzaion, eta ez soilik irabazteagatik, baizik eta ibilbidean zehar bizi izandako guztiagatik: “Esperientzia oso aberasgarria izan da. Zorionekoa sentitzen naiz bizi izan dudana bizitzeagatik, izan ere, jende askok ez du horretarako aukera. Momentu horretara heldu orduko, dena azkar joaten da. Jokatzen duzu eta ez zara ohartzen burutzen ari zarenaz. Baina denbora aurrera joan ahala, pentsatu eta hausnartu ondoren, duen dimentsioa aintzat hartzen zoaz”.