Scroll Top
We continue working on different Erasmus+ projects

ERASMUS+-eko proiektu ezberdinetan lanean jarraitzen dugu

Ikasturte honetan, aurrekoetan bezala, Erasmus+ programan bete-betean sartuta jarraitzen dugu proiektu ezberdinak aurrera eramanez.

Alde batetik, RESPECT NATURE FOR A BETTER FUTURE 2 urteko proiektuan murgildurik, DBH 3. mailako ikasleek, ingeleseko proiektu bezala, berotegi-efektuko gasak eta munduaren beroketa azaltzeko animazio ezberdinak ingelesez sortu dituzte “Animaker” plataforma erabilita.

Bestetik, Erasmus+-eko Etwinning ekimenaren barruan dagoen YOUNG REPORTERS FOR THE ENVIRONMENT (Young Reporters for the Environment (yre.global) nazioarteko lehiaketan presente egongo gara, Claret Askartza Euskadiko erkidegoan parte hartuko duen lehenengo ikastetxea izango delarik. YRE ingurumenaren inguruko gaiak ikertu eta horiei erantzuna emango dieten ikerkuntza erreportajeak, argazkiak edo kazetaritza bideoak sustatzeko plataforma da. Txapelketaren bidez, Bigarren Hezkuntzako ikasleek ingurumenari buruzko 3 minutuko bideoak landuko dituzte, berria, dokumentala edo erreportaia kategorietan. Urtero, mundu mailan aurkezten diren sarrera iradokitzaileenak edo sortzaileenak, Nazioarteko Epaimahai batek aztertu eta mundu mailan aintzatetsiak izateko aukera izango dute.

Europako beste herrialdeetako ikastetxeekin lankidetza proiektuak garatzeko plataforma hauetan parte hartzeak, gure ikasleen jakinmin eta motibazioak piztu eta lantzeko aukera paregabea suposatzen du, neska-mutilak zeharkako gaitasunetan hezi eta etorkizunera begira, bizitza profesionalean ez ezik pertsonalean ere, erronkei erantzuteko prest dauden pertsona autonomo eta trebeak izan daitezen. Urtetik urtera sortzen diren sinergiak gero eta kalitate handiagokoak dira, proiektuen maila areagotzen doalarik.