Scroll Top
Francesc

GOGARTE EGUNA OSPATU DUGU FRANCESC TORRALBAREN ESKUTIK

Joan den irailaren 1ean ohiko hasierako lehen Klaustroa ospatu dugu, eta bertan Francesc Torralba gurekin izan da. Francesc, Filosofia eta Teologian lizentziaduna da, eta Etikako katedraduna Ramon Llul Unibertsitatean.

Oraingo honetan, Torralba jaunak gure ikasleekiko TOPAKETAREN garrantzia goraipatu du; izan ere, hezkuntza-ekintzaren helburua TOPAKETA bera da. Hura irakasteko eta komunikatzeko gaitasuna eta grina duen hezitzailearen eta ikasteko irrika eta gaitasuna duen ikaslearen artean sortzen da mikrosistema atsegin baten bitartez, hori da funtsezkoa. Ikasteko gogo hori pizten jakin behar dugu, aniztasunari erantzun ona ematen saiatuz.

Ildo horretan, konfigurazio etikoa azpimarratu behar dugu, gure ikasleek iparrorratz bat eduki dezaten ziurgabetasunari aurre egiteko. Horretarako, oso garrantzitsua da esparru guztiak aintzat hartzea; alderdi kognitiboa, emozionala, baina baita adimen espirituala ere, giro atsegina sortuz, betiere hezkuntza-komunitate osoaren laguntzaren bidez hezkuntza integrala eta holistikoa lortzeko grinaz.