ikasi eta hazteko gune segurua
Betidanik urte bat eta bi urteko neska-mutilek Claret Askartza bere bigarren etxea bezala sentitu dezaten saiatu gara, eremu seguru eta egonkorra, non maitatuak sentitzen diren eta jolasten duten hazten diren bitartean. Ikasturte honetan zehar, segurtasun honek beste kutsu bat hartu egin du, pandemia egoera baten aurrean baikaude. Hala ere, Hezkuntza elkartea osatzen dugun kide guztien ahalegin eta konpromisoaren bitartez, egunez-egun Askartza gune segurua izatea lortu dugu, baita osasun mailan ere. Ikastetxearen esku soilik ez dagoen arren, zerbait ondo gauzatu izan dugu, izan ere, daramatzagun ikasturteko hiru hilabete hauetan, talde/gela bakarra joan behar izan da etxera.
Eremu segurua
Gainerako mailetan gertatzen den moduan, Kimetz Sistiagak, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko koordinatzaileak, indarrean dagoen araudia betetzeko eta neurriak hartzeko helburuarekin, neska-mutilak burbuila geletan daudela azaltzen du. Horrek ez du ohiko errutinen mantentzea ekidin, gaur egun gelan bazkaldu eta lo egiten duten arren. Era berean, Ikastetxeak hartzen duen naturgune zabalari etekina ateratzen diogu kanpoko jarduerak aurrera eramanez, beste taldeekin elkartu gabe.
Lehen (Covid-19a baino arinago), egun berezietan, taldeak beste maila batzuetako ikasleriarekin elkartzen ziren, baina gaur egun hau ez da ematen. Esaterako, Claret Aitaren Egunerako, irakasleriak ohiko egitaraua birplanteatu zuen eta aurreko ikasturteetan bezala, Claret Aitaren eskulturara bisitan joan beharrean, eskultura ikasgela bakoitzera “hurbildu” genuen: neska-mutilek San Antonio Maria Clareteren marrazkia akuarelekin margotu eta abestu zioten.
Txikienak maskara gabe joan arren, ikastetxeko langileri osoa FFP2 darama. Neska-mutilek autobusean doazenean soilik jantzi behar dute, prebentzio neurri bezala. Ikasgelaren barruan, modu berean jarraitzen dugu, materiala taldeen artean partekatzen ez bada ere. Psikomotrizitate eta esperimentazio gelak eguneko talde bakar batek erabiltzen ditu eta saioaren ostean osotasunean desinfektatzen dira.
Txiki bakoitza bere erritmora
Gainera, ikasgela bakoitzak berezko komuna dauka, aldatzeko mahaia eta kutxatilategiekin, ikasgelan autonomia sustatzeko xedearekin, horrek ere burbuilak mantentzea ahalbidetzen duelarik. Andereño eta maisuek neska-mutilek pardela utzi izana beharrezkoa ez dela adierazten dute. Irailean sartzen direnetik, esfinterren kontrola lantzen hasten gara, eta bakoitzaren ikaskuntza-erritmoa bere heldutasun-prozesuaren araberakoa izango da.
Prozesu hau motela baina etengabekoa da eta Ikastetxean norbanakoaren erritmora egokitzen saiatzen gara. Urte bateko txiki askok oraindik ez dabiltza edo ez dute katamarka egiten, haurtxo bakoitzaren erritmoa oso ezberdina delarik. Ikastetxean haginak atera, elikagai solidoekin ere pixkanaka-pixkanaka hasten goaz… Euren lehendabiziko urtean ez hitz egitetik zenbait gauza esatera pasatuko dira.
“Hasiera batean zure haurtxoa hainbat orduz uztea zaila egiten da. Askok oraindik pardelekin datos baina nik banekien esku onetan zegoela eta ederki zainduko zutela. Horrek lasaitzen zaitu” adierazten du Iratxe Luengok. Bere alaba handia 2 urteko gelara eraman zuen eta “erabateko” laguntza izan zela aitortzen du: “Biak beharrean gaude, nire senarra eta ni. Andereño eta maisuek oso maitekorrak eta atseginak dira eta mantendu genuen harremana egunerokoa izan zen, zuzena eta banakakoa” ziurtatzen du.
Familiekin harreman zuzenean
“Familiekin dugun tratua ahalik eta gertuena izaten saiatzen gara. Horretarako hiru bide ofizial daude: agenda bat egunero joan eta etorrian dagoena, bertan nola bazkaldu, eguna nola igaro duten, etab. adierazten delarik; Educamos plataforma, ikastetxeko langile eta familien arteko harremanetarako baliabidea; eta azkenik, zuzeneko eta banakako harremana Ikastetxearen sarreran eta irteeran ematen dena. Nola ez, posta elektronikoan eta telefonoz ere eskura gaude”, argitzen du Kimetzek. Ikasturtean zehar, familiekin bilera ezberdinak izan ohi ditugu, elkar ezagutu eta egokitzapena nola dihoan aztertzeko. Zenbat eta harreman zuzenagoa eta aktiboagoa izan, orduan eta hobeto, txikiaren onurako beti”, azaltzen du. Gaur egun, segurtasun neurrien arabera, banakako bilerak aurrera eramaten ditugu, taldekako bilerak antolatu gabe.
Konfinamenduan zehar ez genuen harreman hau galdu. Alde batetik, irakasleriak jolasak, errezetak, aurkezpenak, eskulanak eta bestelako materialak prest utzi zituen Educamos-en. Bestetik, online bidezko ekintzak aurrera eraman genituen, hala nola, bideodeiak, ingelesezko saioak, edo abestiz osaturiko entzuteko liburuak ikasgelan. “Guztiontzako egoera berria izan zen eta familia bakoitzaren errealitatean modu ezberdinean eragin zion. Hala ere, familien gehiengoak egindako ahalegina eskertu zutela eta ikastetxetik jasotako erantzunarekin oso pozik egon zirela uste dut”, adierazten du Kimetzek.
Esperientziaren bidezko ikaskuntza
Ikasgelaren barruan, tutorea eta laguntzailea dira erreferente, baina protagonista nagusiak betiere txikiak dira. Neska-mutilak dira ingurunearen bitartez esperimentatu eta norbere ikaskuntza eraikitzen doazenak. Irakasleen egitekoa ikaskuntza honetan gidari edo laguntzaile izatea da.
“Ingurunean gertatzen dena hurbiltzean datza. Udazkenean zuhaitzetatik eroritako hostoekin collage bat eratu genuen eta momentu honetan, Gabonak eta negua uztartzen dituen proiektua dugu martxan. Neska-mutilak ipuinen bitartez ikasten doaz, Jaiotza jartzea bezalako jarduerekin… Era berean, ur hotzeko perlekin jolastu dute, hau da, gelezko bola txikiekin, hotza zer den barneratu dezaten” azaltzen du Kimetzek. “Dena eurek gozatu eta esperimentatu dezaten pentsaturik dago: jolastu, jarri, kendu, abestu, dantzatu… egindako guztiak gauza berriak ezagutzen laguntzen die”.
Leticia Hennequet, aurtengo Haur hezkuntzako zuzendari pedagogikoa, jolasa ikaskuntzaren oinarria izan behar delakoan dago. “Jolasten dutenean gehien ikasten duten momentua da. Horregatik, erabiltzen ditugun metodologiak oso dinamikoak dira. Haur Hezkuntzan ez dugu libururik erabiltzen, horien ordez, edukiak unitate didaktikoetan antolatzen ditugu eta proiektuen bidez aritzen gara” azaltzen du. Era berean, mahaia alde batera utzi eta gehien bat zoruan lan egiten dugu, neska-mutilek jolastu dezaten ikasgeletan kokatu diren txoko edo gai askotariko guneen bitartez.
Egitaraua eta plangintza badago ere, ekintzak momentuko baldintza eta neska-mutilen beharretara egokitzen doaz: “Hezkuntza bizirik dagoen zerbait da” ziurtatzen du Leticiak. “Bizidunak gara, ez estatikoak” gaineratzen du Kimetzek, “garrantzitsuena haurrak esperimentatzea, gozatzea eta ikastea da. Jarduera batek funtzionatzen ez badu edo taldea honetara egokitzen ez bada, bestelako buelta bat ematen saiatzen gara programazioa egokituz”.
Ikastetxean hastea txiki askorentzat aldaketa handiko prozesua bada ere, gehiengoa naturaltasunez egokitzen doa. “Zenbait hilabete dira eta aldaketa asko dira, baina gu eurekin gaude ondo-ondoan eta oso ondo egiten dute. Txapeldun handiak dira”, ondorioztatzen du Kimetzek.
Zatoz gu ezagutzera
2021-2022 ikasturterako matrikulazioan interesaturik al zaude? Gure ateak zabal-zabalik dituzu! Gure web guneko matrikulazio atalean zuretzako elkarrizketa eskatu ezazu eta poz-pozik erantzungo dizugu, bai aurrez-aurre baita modu telematikoan ere. Elkarrizketan zehar, gure Hezkuntza Proiektua bere osotasunean azalduko dizugu, zure zalantzei argibide emango diegu eta hezkuntza-etapa ezberdinen instalazioetan zehar ibilbidea burutzeko aukera izango dugu.
Gure etxera gonbidaturik zaude, har ezazu zure hitzordua!